XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elkarren bakardadea errespetatzen genuen batez ere.

Ez genuen bakoitzaren nortasun jatorra deuseztu beharrik.

Ni ni nintzen.

Eta Ines bera zen, Ines.

Maitasunik ez genuen egiten, hori ez.

Baina egunen batetan iritsiko zela hori ere pentsatzen nuen.

Bere gisara etorri behar zuen horrek ere.

Egunen batetan, kortinak jarri genituen bezala, maitasuna eginen genuen.

Idea horrek ez ninduen, orduan, batere larritzen.

Inesek nerekin bakarrik egin dezake maitasuna.

Horrela pentsatzen nuen nirekiko.

Ez dezake beste inorekin egin.

Eta hori pentsatzean ezin nezakeen Ines beste edonor besarkatzen edo maitatzen ikusi, ez imajinatu.

Iruditzen zitzaidan Inesek puta batek bezala jokatuko lukeela beste edonor maitatzera helduko balitz.

Maitasuna hitz bat da, eta nik ez nuen oso berandu arte nire bakar-solasaldietan erabiltzen.

Ines eta ni lotzen ginuen lotura hura maitasuna izan zitekeenik ez nion neure buruari aitortu nahi.

Lehen aldietan neure baitan maitasun hitza esaten nuenean, barrunbe guztia erretzen zitzaidan.

Hitz sagaratu bat zen, Inesi buruz erabiltzen nuenean.

Uste dut Inesi neure sentimendu hura garai hartan adierazi izan banio, harritu eginen zela.

Gainera, eta oso berandu arte, Inesekiko neure harremanak ez nituen afektozko ikuspegiaz begiratzen.

Nahi bada, gure harremanak sozialak ziren.